Ardiak

/Ardiak
Ardiak 2018-08-18T16:53:35+00:00

LATXA ARRAZAKO GANADUAREN LEHIAKETA

Sorrera

Nafarroako Foru Komunitateko ardi latxen hazleen elkartea (ASLANA) 1989. urtean sortu zen, ardi latxen purutasuna eta hautapena zaintzeko.   Elkartearen ardura da Nafarroan ardi latxen liburu genealogikoa kudeatzea eta esnearen kontrol ofiziala egitea.

CONFELAC entitatearen barruan dago, hau da, ardi latxen hazleen Konfederazioan, arraza horretako gainerako elkarteekin batera.

Helburuak

ASLANA elkarteko kideak ardi latxa hobetzen ahalegintzen dira egunero. Horretarako, ingurumenari hertsiki lotuta dagoen ekoizpen sistema tradizionalari eusten diote, eta horren bidez gainera jasangarritasuna laguntzen dute.

Arraza honetako ardiek kalitate handiko esnea ematen dute, eta elkarteak haren kalitatea eta konposizioa hobetu nahi ditu, gazta apartak egiteko. Era berean, ardi horien esne ekoizpena ere handitu nahi du.

Beraz, ardi latxen arraza genetikoki hobetu nahi du ASLANAk, bere ingurunera oso ondo egokituta badago ere, hobeto egin dezan bat harekin, betiere hobekuntza hori oraingo gizartearentzat eta hurrengo belaunaldientzat erabilgarria izan dadin.

Jarduerak

ASLANAren lana da Nafarroako ardi latxen arraza genetikoki hobetzea, eta horretarako, hautaketan oinarrituta dagoen programa kudeatu eta garatzen du.   Belaunaldiz belaunaldi populazioko abererik onenak hautatzen dituzte, hurrengo belaunaldian aita eta ama gisa erabiltzeko.

Elkarteak honako tresna hauek ditu horretarako: liburu genealogikoa, esnearen kontrola, intseminazio artifiziala eta ebaluazio genetikoa.

Ardi latxen arrazaren liburu genealogikoa MAPAk onetsi zuen, 1990. urtean, ekainaren 6ko Aginduaren bidez (149 zenbakidun BOE, 1990eko ekainaren 22an). Agindu horretan, besteak beste, arraza horren erregistro genealogikoak eta prototipoa zehazturik daude.

Liburu genealogikoak aukera ematen du abere bakoitzaren genealogiaren erregistroa izateko, eta horretarako, abeltzainek beren ustiategiko  jaiotza guztien datuak gordetzen dituzte erditze txartelean. Ondoren, aurrerakoa identifikatu egiten da, belarrikoaren eta hausnar bolodunaren bitartez (identifikazio elektronikoa).

Esnearen kontrola apirilaren 8ko 368/2005 Errege Dekretuan ezarritako arauei jarraikiz egiten da.  ASLANAko bazkide den ustiategi bakoitzak kontrolatzaile bat du esleitua eta abeltzainak ardiak jezten dituen hilabeteetan, hilean behin, kontrolatzaileak jezte esklusiboan ardi bakoitzak ematen duen esne kantitatea erregistratzen du.  Esnearen konposizioa hobetzeko, lagin bat hartzen da Lekunberriko Laktologia Institutuan azter dezaten.

Elkartearen beste xedeetako bat da ardien errapearen morfologia hobetzea; izan ere, oso alderdi garrantzitsua da, jeztea eta bildotsen edoskitzea errazten baititu.  2002. urtetik hona, alderdi hori hobetzeko lanean ari da ASLANA. Horretarako, ardiak jetzi aurretik, errapearen sakontasuna eta ezarpena kalifikatzen ditu, baita erroen bertikaltasuna eta luzera ere.

Intseminazio artifiziala da hobekuntza hori zabaltzeko tresnarik eraginkorrena,  eta, gainera,  artaldeen artean lotura genetiko egokia egotea ahalbidetzen du.  Elkarteak egiten ditu Nafarroako ardi latxen intseminazio guztiak. Horretarako, abeltzainei aholkua ematen die intseminatu behar diren ardiak hautatzeko orduan, bai eta aurrerako bildotsak eta arrak hautatzeko garaian ere. Era berean, hautapen zentroetarako arrak gainbegiratu eta hautatzen ditu.

Bi intseminazio zentro daude, bakoitza barietate baterako.  Ardiekin S.L.n —ASLANA Arkauteko zentro horretako bazkidea da— latx muturgorri barietatearen arrik onenak daude.  Latx muturbeltzetarako intseminazio zentrorik onena, berriz, Oskotzeko INTIAKO Intseminazio Artifizialeko Zentroa da.

Azkenik, urtean behin, ardi latxen elkarte guztien datuak biltzen dira, eta Neiker-en balorazio genetikoa egiten da. Ondoren, haren emaitza abeltzainei igortzen zaie.

Ardi latxa

Penintsula Iberikoan gordetzen den ardi arrazarik zaharrenetako bat da.  Bere izena euskalduna da eta “zakarra” esan nahi du, arrazaren ezaugarri nagusia den artileari egiten baitio erreferentzia:  zuria da eta zuntz lodiak ditu.  Hain zuzen ere, artile mota horri esker, euria hobeto jasaten du, larruan ez baitu urik atxikitzen, eta ardia berehala lehortzen da. Horri esker, ez du pneumoniarik harrapatzen.

Tamaina ertaineko eta neurri luzeko gorputza dauka. Izaera mendirakoia, mugitzeko bizkortasuna eta baserritartasun handia dira bere ezaugarri nagusiak.

Era berean, azpimarratzekoa da arazorik gabe egokitzen dela eremu aldapatsu eta euritsuetara, eta eremu horietan, hain zuzen ere, bizi da ardi latxa:  Nafarroako iparraldean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Atlantikoko Pirinioetako hegoaldean.

Ardi latxa ia urteko egun guztietan ateratzen da bazkatzera eremu epelenetan eta ohikoa da transhumantzia laburra edo ibarraren eta mendiaren arteko trasterminantzia. Azken honetan, artaldea beheko eremuetan egoten da neguan, eta urteko hilabete beroetan, mendiko larreetara igotzen da.   Garrantzi handiko funtzio ekologikoa betetzen du, bestela galduko liratekeen larreak aprobetxatu eta mendian garbiketa lan aparta egiten baitu.

Bi barietate ditu, aurpegiaren eta gorputz-adarren formaren eta kolorearen arabera.

Latx muturgorriaren buruaren eta gorputz-adarren kolorea gorrixka eta zuriaren artekoa da, eta ilehori ñabardura arin batzuk ditu; emeek ez dute adarrik.

Ardi muturbeltza, berriz, burua eta gorputz-adarrak ilunak ditu, eta Nafarroako barietatean, arrek zein emeek adarrak dituzte.

Barietate guztiek kalitate handiko esnea ematen dute, eta esne horrekin elikatzen dituzte euren umeak. Bildotsak Adierazpen Geografiko Babestuen Erregistroan “Nafarroako Arkumea” delako izenaz merkaturatzen dira. Esnea, berriz, Idiazabal eta Erronkari Jatorrizko Izendapendun gaztak egiteko erabiltzen da.

Ardi latxen arrazak gaitasun apartak ditu, ASLANAren lanari esker pixkanaka-pixkanaka hobetzen ari direnak.

Inskripzioa

Lehiaketan parte hartu nahi duten ganadutegiek Nafarroako latxa arrazako ardi hazleen elkartean inskribatu beharko dira, abuztuaren 20a baino lehen.

Lehiaketa

Arrazaren liburu genealogikoan inskribaturiko latxa arrazako animaliek parte hartu ahal izanen dute lehiaketan, betiere genealogia ziurtagiria aurkeztu eta 2016ko eta 2017ko kanpainetan esnearen kontrola egin badute.

  1. Atal bakoitzeko lehendabizikoarentzat: 150 €
  2. Atal bakoitzeko bigarrenarentzat: 100 €
  3. Atal bakoitzeko hirugarrenarentzat: 50 €

Ganaduaren kalitatea dela-eta komenigarria dela uste bada, epaimahai kalifikatzaileak beste sari batzuk sortzeko edo batzuk hutsik uzteko proposatu ahal izanen du, baita diplomak edo sari bereziak emateko ere.

AÑO GAZTAGILEA JATORRIA

BIDEOA

INFORMAZIOA ETA KONTAKTOA

DESKARGAK

OINARRIAK

SARIAK

Atal bakoitzeko lehendabizikoarentzat: 150 €
Atal bakoitzeko bigarrenarentzat: 100 €
Atal bakoitzeko hirugarrenarentzat: 50 €

ORDUTEGIA

Evento