Isilpeko artzainak

Egunsentia da, etxeko sukaldean argi motel baten azpian norbait mugitzen ari da, isilpean, soinurik atera gabe, jakinda zein diren atzera-aurrerakoak. Mahai gainean jarri ditu gosariko katiluak: baten ondoan hamarretako bokata, irribarrea ezpainetan; bestearen alde batean, dudarik egin gabe, kolore ezberdinetako hiru pastilla. Bitartean, kafe usainarekin batera gizaseme bat agertu da. Elkarri hitz erdi bat esanda kafea hartu dute. Ondoren, ardiak jetzi bitartean, egongo da hitz egiteko tartea…

Luzeak izaten dira egunak nekazari eta abeltzainen baserrietan. Egunak luzeak eta lanak anitzak han bizi diren emakumezkoendako. Haiei begira jarri da 52. Nafarroako Artzain Eguna, jakinda egunerokoak beti gainditzen duela kontatzen dena. Baserrietan, etxaldeetan eta ustiategietan isilpean lanean aritu eta aritzen diren pertsona horiei begira. Aztertu eta agertu nahiko luke emakumezko horien egunerokoa, bere bizipenetatik eta ikuspuntutik.

Horretarako, hilabete lehenago, uztailaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan, jardunaldi bat antolatu du Aralar Mendi elkarteak, kafe-tertulia bat. Emakume eta artzain horien testigantza eta esperientzia jasotzea da asmoa. Ezagutzea nola iritsi ziren artzaintzaren mundura, nolakoa izan zen hasiera, nola izan den bere bizia eta nolakoa den orain (harremanak, amatasuna, norberaren zaintza…). Ahaztu gabe, jakina, haien arteko sareak, gaur egungo gizartean gertatzen ari diren aldaketak eta etorkizunera begirako erronkak.

Artzain Egunean, abuztuaren 25ean, jasotako testigantzen alderik esanguratsuena jarriko da ikusgai modu xume batean, eta, horrela, kalean eta azokan hartuko du protagonismoa. Hainbat txokotan jardunaldian izan diren testigantzak ikusteko eta irakurtzeko aukera izango dugu. Bere lekua hartuz, plazan, hitza emanez egingo zaio omenaldi xumea emakumezko hiriei, gure etxeetan, goiz jaikitzen direlako beharbada, ikusezin bihurtzen ditugunak.

emakumearen-papera-artzaintzan